Tolosa beti izan da gozotegi onenen gotorleku. Makina bat zeuden duela ia mende bat, eta makina bat dira baita gaur egun ere. Ospe handikoak, gainera.
Garai bateko gozotegiak zerrendatzen hasita, Rondilla eta Aroztegieta kaleen artean zegoen Mujika, pasadizoaren alboan; Korreo eta Leitza kaleen artean, berriz, Malkorra; Rondilla kalearen erdian, Olasagasti. Baziren gehiago: Garmendiatarrena, Ugartetarrena, Kitin Goenaga…
Hain zuzen, Olasagastiren obradorean ikasi zuen ofizioa Nicolás Eceizak. Gozotegi hau 1910eko hamarkada hasieratik 1962. urtera arte izan zen Rondilla kalean. Oso gozotegi dotorea zen, eta bertako produktuak ez zeuden edonoren eskura.
Tolosar hainbatek sare sozialetan egindako ekarpenen ondoren, jakin dugu gerora bitan banatu zela gozotegia; alde bat Mocoroa izeneko liburutegi bihurtu zen; bestea, Luis Cea eta Beatriz Segurolak erosi zuten, Beatriz ehun denda sortzeko.
Nicolas 14 urterekin hasi zen lanean Olasagastin, eta Miguelen eskutik jaso zituen gozogintzako lehen irakaspenak, Tolosako beste gozogile askok bezala. Beste zenbait lekutan ere ibili zen, Bilbon esaterako.
Olasagastitik Eceizara
Ia hamarkada batez bertan aritu ostean, Nicolasek 1924. urtean ireki zuen Eceiza Gozotegia, bere emazte Mariak Rondilla kalean zuen lokalean. Nicolas obradorean aritzen zen, eta amona Maria, berriz, bezeroekin hartu emanean.
Mujika, Malkorra, Olasagasti… urteen poderioz ixten joan ziren, etxean ez zutelako segidarik topatu. Eceizarekin ez bezala.
Luis Mari Eceiza 16 urterekin hasi zen gurasoen gozotegian lanean, 40ko hamarkadan. Goizetan obradorean egiten zuen lan, eta arratsaldetan kontabilitatea ikasten zuen.
Garai hartakoa da gozotegiak sekula izan duen aldaketarik esanguratsuenetako bat. Ordura arte erabiltzen ziren egur labeak, labe elektrikoen ordez aldatu zituzten. Bada honi lotutako anekdota bat: aldaketa horren lehen urtean, Izaskungo harrobian istripu bat izan zen 1948ko urtarrilaren 4an, eta Tolosako sare elektrikoa hondatu zuen, elektrizitaterik gabe geratu ziren. Errege bezpera zen, eta nola edo hala moldatu behar izan zuten opilak egiteko.
Egun beste bi belaunaldi ari dira elkarlanean Eceiza Gozotegian, Luis Mariren seme-alabak eta bilobak, hain zuzen. Birraitonak Olasagastin hasitako bideak ez du etenik, lau belaunaldiren ondoren.