San Blas opilak: nondik dator ohitura?

Otsailaren 3an ospatzen da San Blas eguna. Urte sasoi horretan ohikoa izaten da San Blas opilak eta erroskilak egitea. Baina zergatik?

San Blas, ito arte hartu arnas dio esaera zaharrak. Izan ere, ohitura zaharren arabera, eztarriko mina ekiditearekin lotzen zen santu hori. Eztarriko osasunaren zaindari zen, alegia.

San Blas soka bezala ezagutua dena jartzen zuten askok lepotik zintzilik, bederatzi edo hamabi egunez, eztarriko minetik edo katarroetatik salbu izateko. Badirudi hortik etor litekeela Santa Ageda bezperako kopla zaharretako letra ere: “baina eztarriz sano gabiltza, ta kanta nahi degu gogoz”.

Horrekin batera, santuari eskainitako opilak egiten ziren, eta horiek bedeinkatu egiten zituzten, ondoren familiartean jateko. Gerora, ospakizunetarako erabiltzen hasi ziren, Goierri, Debagoiena, Debabarrena eta Durangaldean inguruan, batik bat. Tolosan, berriz, erroskilak ohikoagoak izan dira, eta garai batean piperbeltzarekin egindako opilak ere bai.

Errezeta: San Blas opilak

San Blas opilen errezeta sinplea da. Hauek dira osagaiak: arrautzak, azukrea, irina, gurina, legamia eta, nola ez, anisa. Hain zuzen, anis haziak katarroak sendatzearekin lotu izan dira. Zuringoarekin eta azukre glasatuarekin egindako merenge batekin estaltzen da, elur itxura emateko.