Tolosa Goxua, gozoaren azoka berezia

Urriaren 26an, larunbata, gozogintzaren azoka berezia ospatuko da Tolosan, milaka pertsona erakartzen dituen festa.

Presentación de la feria del dulce Tolosa Goxua

Tolosa Goxua azokaren 26. edizioan 24 gozotegi bilduko dira goiz osoan zehar. Orotariko gozo artisauak ikusi, dastatu eta erosi ahalko dira: tartak, pastelak, bizkotxoak, pastak, txokolateak, bonboiak, opilak…

Nola ez, Eceiza Gozotegia bertan izango da. Azokan gehien eskatzen diren produktuen artean daude pastelak –bonbak eta tximistak, bereziki–, eta data hauetan ohikoak diren kausera edo buñueloak eta santu-hezurrak. Gure bi dendak ere zabalik izango dira, ohiko ordutegian.

Tolosa Goxuaren inguruan

Aurten produktu izarra erroskilla izango da. Eta horretarako, Tolosako bost gozotegi artisauek 3.000 erroskilla inguru prestatuko ditugu elkarlanean. 12:15ak aldera, doan banatuko ditugu Triangulora gerturatzen diren guztien artean.

Erroskillak egiteko, aitzinako errezeta batean oinarrituko gara, Euskadiko Artxibo Historikoan kontserbatzen den euskal gastronomiako errezeta zaharrenetako batean, hain zuzen. Idazki hori Eskolastika de Salazar, Villafuertesko kondesak idatzia da. Tolosako Aranburu Jauregian bizi izan zen, eta bertan idatzi eta gorde ziren gisa horretako dokumentu ugari, Casa de Zavala funtsaren parte izatera igaro aurretik. Balio handiko dokumentua da, ezbairik gabe.

Erroskillen errezeta zaharra, Eskolastika de Salazarrek idatzia, 1826 eta 1849 artean.

Tolosa Goxuak badu erakargarritasun handia duen beste ekitaldi bat: postre lehiaketa. Aurten gazta tarta prestatu beharko dute parte hartzaileek, eta etxean egindako tartak 09:30 eta 10:30 artean aurkeztu beharko dituzte Trianguloan. Epaimahaia Eva Argiñano, Lourdes Rekondo, Imanol Zubelzu eta Armintz Gorrotxategik osatuko dute. Erabakiaren berri 11:45ean. 

Gozozalea bazara, ezin duzu azoka erreferente hau galdu. Zure zain izango gara Tolosan!

Tolosa Goxua 2019 azoka bereziko kartela