Javi Eceiza Herrikide Ikastetxean izan da, eta laugarren mailako ikasleei herriko gozotegien obradoreetako egunerokoa zelakoa den azaldu die. Izan ere, urte luzeko ibilbide oparoa dute gozotegi tolosarrek, komertzioan eragile nagusienetako bat bihurtzeraino. Gozogintza artisauaren eta industrialaren arteko ezberdintasunak ere azpimarratu ditu. Noski, ikasleek ere izan dute parte hartzeko aukera.
Umorerik ere ez da falta izan. Ikasle batek galdegin du ea posible den Eceizan tarta bat erostea, tarta hori bera gero Goxuako postre lehiaketan aurkezteko. Bistakoa da haurren irudimenak ez duela mugarik. Azti ibili da Javi, eta umorerik galdu gabe, honakoa erantzun dio: “Egun horretan gure dendetan tartak saltzea debekatuko dugu. Zuek prestatu beharko dituzue postreak”. Amaiera gozoa izan dute, hamaiketakorako kremazko bonba bana jaso baitute.
Tolosa Goxua azoka berezia urriaren 26an ospatuko da aurten. Gozogileen postu ugari izango dira, baita urteroko postre lehiaketa eta Tolosako bost gozotegi artisauek prestatutako gozo banaketa ere. Berehala jakinaraziko ditugu xehetasun guztiak. Hori bai, gorde ezazue data!